Current Style: Standard
Parketxea eta haren ingurua paradisu txiki bat dira. Parketxea, XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da.
Pagoetako ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutarazten laguntzen duen erakusketa iraunkorra, euskarri interaktiboak eta tailer didaktikoa daude Iturraranen. Baliabide horien bidez, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanaren berri ematen zaio bisitariari.
Parkea ezagutzen hasteko, Iturraran parketxera gerturatu eta dauden aukerez galdetzea da egokiena. Hortik aurrera, dituen asmo eta lehentasunen arabera, norberak aukera dezake zer egin: erakusketa ikusi, lorategi botanikoan murgildu, erlategi didaktikoa bisitatu, mendiko ibilaldia egin...
Pagoeta natura-parkeak 2.860 ha-ko azalera du; zati handiena Aiako udalerriaren barnean dago eta gainerako lurraldea Zarautz eta Zestoaren artean banatzen da. Izena 678 m-ko altuera duen Pagoeta mendiari zor dio. 1998an izendatu zuten natura parke. Gipuzkoako Foru Aldundiak zeukan barruti batzuetan du jatorria.
Landaretza, oro har, atlantikoa da, klima epel eta euritsura egokitutakoa. Batetik, Quercus robur espezieko zuhaitzez osaturiko hariztiak, erreka bazterretako zein etengabe heze dauden laiotzetako haltzadiak eta pagadiak daude. Bestetik, Altzolarasko arroilako kareharrizko harkaiztegietan batik bat, badira zuhaitz hostoerorkorren baso misto ederrak, ezkiak, basagurbeak, hostazuriak, haginak, nahiz lizarrak dituztenak. Jakina, ez dira falta belardiak, baratzeak eta ohianeztatutako baso sailak.
Horrenbestez, ez da harritzekoa Pagoeta animalia espezie ugariren bizilekua izatea. Hain zuzen, ingurumena aberatsa izateak, aske bizi direnekin batera, Euskal Herrian galbidean dauden bertako arrazetako animaliak egotea ahalbidetzen du, betizuak eta pottokak kasu.
Informazio gehigarria:
Parkeko informazio guztia whatsapp-ean izateko moduan:
AP8 autobidean Zarauzko (38 zenb.) edota Orioko (33 zenb.) ordain lekuan irten eta N-634 errepidea hartu.
Zarautz eta Orio arteko gainean (Zudugarain), N-634-a utzi eta Gi-2631 errepidea hartu, Aia-Villabona norabidean.
Zudugaraitik 4 kilometrora Iturraran parketxea jartzen duen seinalea dago.
Bi aparkaleku ditu parketxeak, bidegurutzean autobusentzakoa eta 300 metrotara autoentzakoa.
Parketxea autoen aparkalekutik 150 metrotara dago.
Autobusez iristeko, erabili Lurraldebus autobus garraio zerbitzua, UK08 lerroa.
ETRS89 koordenatuak
X: 568530
Y: 4788891
Gertu Kultura, oraindik gertuago!
Zure probintzia aukeratu eta denontzako kulturaz gozatu